lunes, 6 de marzo de 2017

Eusko Jaurlaritzaren ingurumenerako aurrekontua erdira murriztu da 2009tik

Iturria: Argia. Eusko Jaurlaritzak ingurumen eta lurralde antolamendu arloetara bideratutako aurrekontua amildu egin da 2009tik. Orduan iritsi zen maila gorenera gaur egun Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza saila denaren aurrekontua, Patxi Lopezen agintaldiaren lehen urtean: 145 milioi euro. 2017an berriz, 70 milioi baino gehixeago kudeatuko ditu sailak. Beherakada %51,6koa da. Beherakadak ez du bat egiten bilakabide orokorrarekin, aurrekontuak berdintsu mantendu baitira urteotan (igoera txiki batekin). 2009an guztizkoaren %1,38 izan zen ingurumen eta lurralde antolamenduari bideratutakoa, eta aurten %0,63. Inflexio-puntua 2014an iritsi zen: aurreko urtearekiko 37 milioikoa izan zen beherakada (105etik 68ra).

Aurretik ere, PSOEren agintepean, urtez urte murrizketa nabarmenak izen ziren Ingurumen Sailaren aurrekontuetan: 10-15 milioi urtero. 2013an, EAJ Lakuara itzuli osteko lehen urtean, jeltzaleak saiatu ziren diru-partida 105 milioitik 69ra jaisten, baina ez zuten beste alderdiekin adostasunik lortu eta aurrekontuak luzatu egin ziren. Hurrengo urtean etorri zen murrizketa. Ordutik hona pixka bat igo da ingurumenerako dirua –bi milioi inguru–, baina guztizkoarekiko portzentajeak behera egin du.

Arloz arlo aztertuta, azpimarratzekoa da ingurumenaren babesera (airearen kalitatearen zaintza, biodibertitatearen babesa, klima aldaketaren aurkako borroka, ingurumen kontzientziazioa…) bideratutako aurrekontua 50 milioitik 26 ingurura mehetu dela aipatutako denbora tartean.

Are hozkada handiagoa jaso du uraren plangintza eta administraziorakoak: 82 milioitik 35era. Funtsean, URA agentziari ematen zaion aurrekontuari dagokio kopuru hori. 2014an jo zuten hondoa harentzako sosek (30 milioi) eta geroztik bost milioiko igoera izan da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada