martes, 13 de diciembre de 2016

Armentia-2 putzuaren lanak esleitzen hasi da SHESA Ingurumen Ebaluazioa oraindik tramitatzen ari denean

Eusko Jaurlaritzak, Sociedad de Hidrocarburos de Euskadi (SHESA) Erakunde Publikoaren bitartez, lizitazio iragarkia argitaratu du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAABOPV, abenduaren 7ko 232 zkia.), “prozedura negoziatuz esleitzeko xedez Armentia-2 izeneko esplorazio zundaketaren zulaketa, iraupen laburreko probak (DST) eta osaketa”. Berriztu!-tik, Armentia-2 putzua eta egungo eredu energetikoaren inguruko kezken aurrean Araban sortu berri den mugimendutik alegia, iragarki honekin loturiko hainbat konturen inguruan arreta jarri nahi dugu. Lehenik eta behin, lizitazioa argitaratu den unea salatu nahi dugu. Lizitazio hau proiektuaren Ingurumen Inpaktuko Ebaluazioa garatzen ari den bitartean argitaratu da. SHESAk proiektua bere horretan onartuko diotela uste duela adierazten du horrek, bestela ulertezina baita momentu honetan aurre kontsulta fasean dagoen Ingurumen Dokumentua izatea lizitazioek oinarri gisa hartzen duten dokumentua (iragarkiko 6,g) atala). Aurre kontsulten fasea dokumentuaren gaineko ikerketa eta berrikuspen fasea da, non administrazio eta erakunde ezberdinei dokumentuaren gaineko gabezien inguruko txostenak aurkezteko aukera luzatzen zaien. Prozedura honen ondorio gisa, Ingurumen Ministerioak SHESA Ingurumen Inpaktuko Txosten berri bat idaztera behartu lezake, orain arte aztertu ez diren, baina proiektuak kontutan hartu behar dituen, inpaktu zein gaitz berriak jasoko lituzkeena. Hau betetzekotan, nahikoa informazio jasotzen ez duen eta zaharkituta egongo den dokumentu batean oinarrituko litzateke martxan dagoen lizitazioa, berauek aurkezteko epea atzo, abenduak 12, 12:00tan amaitu zelarik. Hau guztia BEZ-a kontutan hartu gabe 27 milioi euroko aurrekontua duen proiektu bati buruz ari garela. Bestalde, lizitazioarentzako aukeraturiko kontratazio moduan jarri nahi dugu arreta: prozedura negoziatua. Prozedura azkarragoa eta ezkutuagoa dugu hau. Horren adibide garbia, plegu tekniko eta administratiboetan zehazten diren proiektuaren balorazio irizpideak, prozeduran parte hartzeko SHESAk gonbidatuko dituen 3 enpresek bakarrik ezagutuko dituztela da. Beste pertsona guztiontzat informazio bakarra SHESAk eskaintza ekonomiko onuragarriena baino besterik ez duela baloratuko da. Bestelako aldagaiak, eskainitako ingurumen bermeak adibidez, ez dira balorazioan kontutan hartuko. Iragarki honek sortzen duen mesfidantza jada existitzen diren beste arazo batzuei gehitzen zaio. Ezin dugu ahaztu Ingurumen Inpaktuko Ebaluazioan emandako aldaketa baten ondorioz prozedura bere bertsio sinplifikatuan burutzen ari dela. Modu honetan, herritarrek eta kaltetutako eragileek izan beharko luketen alegazio eta informazio publikoaren faseak saihesten dira, proiektu honen tramitazioan ematen ari diren berme faltan sakonduz. Orain arte garatutako fase guztietan informazio, gardentasun eta parte hartze gabeziak nabarmenak izan dira. Aldiz, badago argitzen ari den egoera bat: Eusko Jaurlaritzak presaka dabil bere zulatze planak garatzeko eta parte hartzea alde batera uztea edo prozedurak bata bestearen gainean tramitatzea ordaindu beharreko peajeak dira estrategia horretan. Berriztu!-tik baimen honen tramitazioak bertan behera geratu behar duela uste dugu. Eusko Jaurlaritzak gasaren alde egin nahi duen apustuak, bere politika energetikoak izan beharko lukeen benetako helburutik urruntzen gaitu: egungo erregai fosiletan oinarrituriko eredutik, jatorri berriztagarriko energiak nagusi diren beste eredu bateranzko trantsizioa, alegia. Horren alde jarraituko dugu lanean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario