martes, 14 de febrero de 2012

Kontsumitzaile euskaldunen hizkuntza-eskubideen urraketa betikotzea erabaki du Eusko Legebiltzarrak, demagogia erabiliz

Gasteizko Legebiltzarrak kontsumitzaile eta erabiltzaile euskaldunen hizkuntza-eskubideak ezerezean uzteko erabakia hartu du, 2008an onartutako dekretua baliogabetu ondoren. Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok eta Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik agerraldia egin dute Legebiltzarreko osoko bilkuraren ondoren. Bilbaok lotsagarri jo du bertan hartutako erabakia, bai eta hainbat legebiltzarkidek egindako adierazpenak ere.

"Onartezina da Legebiltzar batek herritarren oinarrizko eskubideen urraketa sistematizatu eta betikotuko duen erabakiak hartu ahal izatea. Atzerapauso handia da gaur hartutako erabakia, non eta herritarren eskubideak bermatzea helburu izan beharko lukeen leku batean, Legebiltzar batean, alegia", esan du Bilbaok.

Eusko Legebiltzarrak hartu duen erabakiaren ondorioz, lege hori berma dadin onartutako neurriak dira bertan behera utzi direnak, ondorioz, "hori ez da lege bat. Eskubideen babeserako lege batek nahitaez beharrak sortu behar ditu, hotaz, behar horiek beteko direla bermatzen ez bada, zertarako behar dugu lege bat?", galdetu du Bilbaok.

"Iraingarria da herritarron hizkuntza-eskubideak ez betetzea lanpostuak galtzearekin parekatzea. Hori, herritarroi iruzurra egiteaz gainera gezurra da. Eremu sozioekonomikoan ere kalitatezko zerbitzu duina ematen dela bermatu behar da eta hori ezin da lanpostuak galtzearekin lotu, egun hauetan entzun ahal izan dugun bezala".

"Ekainaren 16an, hemen bertan, PSE-ri, PP-ri eta UPyD-ri deia eta eskaera egin zien Kontseiluak argitu zezaten zer asmo zuten, zer neurri hartuko zituzten, herritarron hizkuntza-eskubideak bermatzeko", esan du Bilbaok, "eta gaur agerian geratu da hori ez dutela aintzat hartu".

"Malgutasuna, progresibitatea eta arian-arian aritzea aldarrikatzen dute hartutako erabaki hau justifikatzeko. Progresibitate hori hutsala dela demostratu da 25 urte hauetan. Zenbat urte gehiagoz jarraitu behar dugu horrela? Edozein gobernuren betebeharra bere herritarren ongizatea eta eskubidea bermatzea izan arren, Eusko Jaurlaritzak betebehar horri muzin egin eta herritarren aurka egiten du, herritar euskaldunen hizkuntza-eskubideak zapuztuz eta herritarrek euskaraz bizitzeko duten nahia guxtietsiz. Gogoratu nahi dugu Hizkuntz Eskubideen Behatokian jasotako kexen %35,21 enpresek eta zerbitzu-emaileek eragindakoak direla", esan du Gerbiñe Petriatik.

"Eremu pribatuaz hitz egiten dute etengabe, baina ez gara eremu pribatuaz ari, zerbitzu publikoa ematen duen alor sozioekonomikoaz baizik", esan du Paul Bilbaok.

Errealitatean honek ekarriko duenaren konstantzia badugu dagoeneko. Zerbitzu hornitzaile enpresa batek Behatokiari bere erantzunean esan dionez, neurriak ez hartzeagatik kontenplatzen ziren neurriak bertan behera gelditu direla eta ondorioz ez duela legerik urratzen.

Erabaki honen alde egin duen PSEk elkarbizitza aldarrikatzen du. Zein elkarbizitza motaz hitz egiten ari dira, herritar talde handi baten oinarrizko eskubideen kontrako neurriak hartzen dituzten bitartean?

Kontseiluak eta Behatokiak bizikidetzaren aldeko apustua egiten dute; bai hizkuntzaren aldeko bizikidetzaren alde eta baita hiztunen aldeko bizikidetzaren aldeko. Horretarako, beharrezkoa da herritarrak bere hizkuntzan aritzeko duen eskubidea bermatua izatea.

Horrelako erabakiekin euskaraz bizi nahi dugun eta euskaraz bizitzeko eskubidea dugun herritarrekiko errespetua desagertu egiten dela gaineratu du Kontseiluko idazkari nagusiak eta "euskaraz bizi nahi dugun herritarrak, alegia, herri honetako berezko hizkuntzan bizi nahi dugunok, eremu sozioekonomikotik baztertu nahi gaituzte

No hay comentarios:

Publicar un comentario